Languages Lanean kongresuaren kronika

Joan den astean Languages Lanean kongresua izan zen, jarduera ekonomikoaren esparruko hizkuntza-kudeaketari buruzko topaketa, Eusko Jaurlaritzak antolatua. Itzultzailea naizen aldetik, gaia oso interesgarria iruditu zitzaidan gaia eta, beraz, berehala erreserbatu nuen plaza. Eta eskerrak laster egin nuela, lekua segituan bete zen eta. Ia 600 lagun bertaratu ginen!

Languages Lanean kongresuaren kartela.

Lehenik eta behin, aitortu behar dut dezepzionatuta irten nintzela. Izan ere, adimen artifiziala ahotan ibili arren, inork ez zuen aipatu ez baimenik gabe eskuratutako testuen jabetza intelektuala, ez zerbitzariek sortzen duten ingurumen-inpaktu itzela (guztiz onartezina jada bizitzen ari garen klima-krisiaren testuinguruan), ez sustatzen duen lan-prekarizazioa. Teknologia horren erabilerarekin lotutako alderdi etikoak alde batera utzita ere, aldi bereko interpretazioari esker posible izan zen kongresu eleaniztun batean, ba al zen inor pentsatu zuenik: «datorren edizioan, zertan ari diren ondo baino hobeto dakien interprete-talde baten zerbitzua eduki beharrean, nahiko nuke zentzuzko esaldi baino akats gehiago sortzen dituen ahots mekaniko baten bitartez jasotzea mintzaldiak? Eta itzulpen automatikoak haien hizkuntza-planetan hartzen duen tokia hain harro erakutsi zuten enpresek badakite zer-nolako irudia ematen duten beren bezeroekiko komunikazioa auskalo nondik datozen testuekin elikatutako programen esku uzten dutenean, are gehiago kontuan hartuta emaitza ahal duten moduan berrikusten duten pertsonek lanaldi bukaezinak egin behar dituztela gutxieneko soldata edo antzeko zerbait lortzeko?

Zorionez, mintzaldi guztiak ez ziren fantasia teknologiko hutsak izan. Hain zuzen ere, Guro Refsum Sanden-en aurkezpena hizkuntza-kudeaketaren arloko jardunbide egokien eta errealismoaren adibide bikaina izan zen. Itzulpenak eta interpretazioak enpresa eleaniztunetan hizkuntza-beharrak betetzeko duten balioa azpimarratzeaz gain, beste tresna batzuk aurkeztu zituen, hala nola hizkuntzei buruzko prestakuntza, kontratazio selektiboa eta hizkuntza-bitartekariaren figura, zeina egoitza nagusiaren eta beste herrialdeetako filialen arteko komunikazioaz arduratuko litzatekeen. Geroago, ETE-en mahai-inguruan, hizkuntza-aniztasuna kudeatzeari lehentasuna eman dioten enpresen kasu errealak ezagutzeko aukera izan genuen: esate baterako, Eraman Koop, bizikletaz banatzeko kooperatiba bat, zortzi herrialdetatik datozen eta bost ama-hizkuntza dituzten pertsonez osatutakoa; eta Izarra Tanatorioa, non hasiera-hasieratik argi eduki baitzuten zerbitzuak bai euskaraz bai gaztelaniaz eskaini nahi zituztela.

Era berean, oso argigarria iruditu zitzaidan Johann Hägmann-en mintzaldia. Azaldu zuen zergatik den Europar Batasunean eskualdeko eta gutxiengoaren hizkuntzen ofizialtasuna sustatzea eta irizpide ekonomikoei leporatu zien azken saioaren porrota ekarri zuen ahobatezkotasun-falta, nahiz eta hizkuntza-politika EBren urteko aurrekontuaren % 1 baino ez izan. Adierazi zuen moduan, finantzaketa funtsezkoa da gutxiengoaren hizkuntzak babesteko, batetik, proiektu jakin batzuk gauzatzeko ezinbestekoa delako eta, bestetik, bai hizkuntzoi bai hizkuntzok darabiltzaten komunitate gutxiengodunei aintzatespen politikoa ematen dielako.

Azkenik, Xabi Payak moderatu zuen eta kongresuari amaiera eman zion mahai-ingurua nabarmendu nahi dut. Bertan, Esti Urresolak eta Pello Reparazek gogoeta egin zuten euskara beren lan artistikoetan erabili duten moduari buruz, gure hizkuntzak atzerrian pizten duen interesari buruz eta haien hizkuntza-hautaketak itxi eta zabaldu dizkien ateei buruz. Ekitaldia ukitu baikor batez bukatzeko elkarrizketa ezin aproposagoa izan zen.

Laburbilduz, hobe zitezkeen gauzak egon ziren arren, oso jardunaldi irakasgarriak izan ziren eta sentsazio onekin irten nintzen. Argi geratu zitzaidan, nahiz eta adimen artifizialari koipea eman burbuilak dirauen bitartean, ez direla gutxi lanean darabiltzaten hizkuntzak zaintzeak duen balioa gogoan duten pertsonak eta enpresak, bai gizarte-erantzukizunaren ikuspegitik, bai beren bezero eta langileen beharretara egokitu nahian.