Kalkoei buruzko ikastaroa

Joan den astean, EIZIEk kalkoei buruz antolatutako ikastaro batean parte hartu nuen. Bi orduak labur suertatu zitzaizkigun, baina, aldi berean, izugarri emangarriak izan ziren.

Amaia Lasherasek bi ataletan banatu zuen informazioa. Lehenik eta behin, azalpen teorikoak eman zizkigun: zer diren kalkoak, zertan diren desberdin kalkoak, maileguak eta interferentziak, zer kalko-mota dauden, zeren arabera jotzen diren kalkoak egokitzat edo okertzat… Gainera, hainbat baliabide aipatu zizkigun, besteak beste, EHUren Kalkoen Behatokia, Euskara Batuaren Eskuliburuko «Kalko oker nabarmen batzuk» atala eta, jakina, Juan Garziaren Kalko okerrak.

Ondoren, ariketa praktikoari ekin genion, hots, aldez aurretik bidalitako testu batean aurkituriko kalkoak jorratzeari. Eztabaida hain mamitsua izan zen, ez baikinen testuaren amaieraraino heldu, baina oso aberasgarria gertatu zen, batez ere iritzi kontrajarriak azaldu zirenean.

Laster jasoko ditugu apunteak eta ziur nago ez nekizkien gauza gehiago ikasiko ditudala zuzendutako testu osoari arretaz begiratuz!