UIKen «Tokiko energia-trantsizioaren erronkak eta aukerak» ikastaroaren kronika
Joan den astean, ekainaren 20an eta 21ean, UIKen «Tokiko energia-trantsizioaren erronkak eta aukerak» ikastarora joan nintzen. Álvaro Campos Celadorrek eta Aitor Urresti Gónzalezek antolatu zuten eta, bertan, gaia ikuspegi legal, tekniko eta finantzariotik aztertu genuen, aldaketak baldintzatzen dituzten gizarte-alderdiak alde batera utzi gabe.
Lehen egunean, antolatzaileek sarrera laburra egin zuten, zeinean klima-aldaketaren testuingurua, energia-kultura berri bat sortu beharra eta ENEDI ikerketa-taldearen proiektuak aipatu zituzten. Ondoren, tokiko energia-trantsizioaren eremu bakoitzean sortzen diren erronkei eta aukerei heltzeko zenbait mahai-inguru izan ziren.
Lege-eremuari dagokionez, Yurema Delgado Muñozek Zuzenbidearen eta Ingurumenaren Nazioarteko Institutuak (IIDMAk) egindako txosten bat hartu zuen oinarri, Avances en la acción climática y energética municipal: análisis de casos txostena, alegia, eta nabarmendu zuen Espainiako udalerrien % 35 bakarrik daudela Alkateen Itunari atxikita, zortzi autonomia-erkidegok soilik ezarri dutela energia eta klimari buruzko udal-planak egiteko betebeharra eta, horrelako planik egon badagoenean, zaila dela abian jartzea, baliabide teknikoak eta ekonomikoak eskasak direlako. Javier Zardoya Illanak, Iruñerriko Mankomunitatean izan duen esperientziatik abiatuta, energia-komunitateek hiri hobe bat eraikitzeko duten garrantzia azpimarratu zuen eta adierazi zuen balio-katea osatzen duten guztien arteko harreman juridikoak arautu behar direla, baita legeria handinahi eta koherentea bermatu ere. Arantza Arregui Alberrok, Doneztebeko alkate den aldetik, udalerri txikiek dituzten zailtasunetan jarri zuen arreta, finantzaketatik pertsonal-faltaraino, eta biomasarekin lotuta enplegua sortzea eta energia-trantsizioa bultzatzea xede duten proiektu batzuk aipatu zituen.
Eremu teknikoari buruzko mahai-inguruan, Marina Vargas Ruiz autokontsumoa sustatzeko eta energia-komunitateak sortzeko bere kooperatibaz, Ecooo izenekoaz, mintzatu zitzaigun eta zehatz-mehatz azaldu zizkigun auzotarren erkidego batean autokontsumo fotovoltaikoko instalazio bat izapidetzeko egin behar diren urrats guztiak, banatzaileek jarri ohi dituzten traba ugariri aurre egiteko moduak barne. Ana Marco Marcok EH!CO!CHE aurkeztu zigun, Aragoiko mugikortasun elektriko partekaturako kooperatiba, eta azpimarratu zuen ezinbestekoa dutela sare-lanean aritzea, nazio-mailako eta Europa mailako kooperatibekin baliabideak eta ezagutzak partekatuz, sortzen zaizkien erronka teknikoei aurre egiteko. Azkenik, Agate Goyarrola Ugaldek eta Carlos Castillo Galanek Ihobek eta udalek energia- eta klima-trantsizioaren arloan darabilten lankidetza aztertu eta proiektu hauek nabarmendu zituzten: Udalsarea 2030 (udalerri jasangarrien sarea), Urban Klima 2050 (klima-ekintzarako proiektua) eta Ihobek klima-aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko asmoz udalerrien eta herritarren esku jartzen dituen hainbat tresna, hala nola gida metodologikoak eta Euskadiko klima-eszenarioen bisorea.
Finantza-eremua dela eta, Josu Naveda Saenz de Ugartek Goiener energia berriztagarrien kooperatiba aurkeztu zigun, energia-komunitateak eratzerakoan sortzen diren zailtasun ekonomikoak aipatu zituen eta Europako ACCE proiektuaren berri eman zigun, zeinaren bidez komunitateotarako finantzaketa-eskema berritzaileak sortu nahi baitira. Jone Otxoa Saenz de Valluercak Coop57 izeneko kooperatibaz hitz egin zigun: zerbitzu finantzario etikoak eta solidarioak eskaintzen ditu eta ekonomia sozial eta solidarioko proiektuetarako maileguak ematen ditu bere bazkideen ekarpenei esker. Luis de Velascok, berriz, jakinarazi zigun zer-nolako laguntzak eskaintzen dizkien Energiaren Euskal Erakundeak herritarrei energia berriztagarriekin eta energia-efizientziarekin zerikusia duten proiektuak aurrera eramateko.
Haritz Alberdi Arrillagak eta Jon Teres Zubiagak eman zioten amaiera jardunaldiari: lehenak Getariako alkate gisa tokiko trantsizioa gauzatzeko aurkitu dituen erronka nagusiak aipatu zituen eta bigarrenak, aldiz, energia-pobrezian jarri zuen arreta, EnePoMAP proiektuan arlo hori jorratzen baitu.
Bigarren egunean lantegi dinamizatu batean herritarren partaidetzarako prozesu bat birsortu genuen, Garaje del Cambioko Alfredo Bezos Garcíaren eskutik. Hasteko, geure burua bikoteka aurkeztu eta klima-aldaketari dagokionez dugun jarreraz hausnartu genuen. Gero, lau taldetan banatu ginen eta aurreko egunean aztertutako erronka-mota bakoitzari buruz eztabaidatu genuen: erronka legalak, erronka teknikoak, erronka finantzarioak eta beste alderdi batzuk. Ondoren, ateratako ondorioak partekatu genituen eta eztabaida guztiz interesgarria sortu zen. Polita izan zen nire kezka berberak dauzkaten pertsonekin hitz egitea eta denon artean aurrean dauzkagun arazoetarako erantzunak bilatzea.
Askotariko hitzaldiez izugarri ikasteaz gain, partaidetzazko dinamikari esker oso animatuta irten nintzen, gai hauetan gehiago inplikatzeko gogo handiarekin. Ikastaro honek jarraitutasuna edukitzea nahiko nuke eta zoragarria litzateke datorren urtean berriz elkartzeko aukera izatea!