1000 termino baino gehiago ingurumeneko datu-base terminologikoan

Duela gutxi 1000. terminoa sartu nuen ingurumenaren arloko itzulpenak egiteko erabiltzen dudan datu-base terminologikoan. Ilusio handia hartu nuen egunero elikatzen ari naizen baliabidea hainbeste hazi dela konturatu nintzenean eta aukera egokia iruditu zait blog honetan nire lanaren alderdi horretaz hitz egiteko.

Zer dira datu base terminologikoak?

Datu-base terminologikoak arlo jakin bateko terminoak biltzen dituzten tresnak dira. Giro euskaldunean ezagunena Euskalterm da, euskarazko terminologia bateratzeko sortutako baliabide publikoa. Bertan, askotariko gaietako terminoak bila daitezke, zenbait hizkuntzatan, termino bat itzultzeko hitz egokiena zein den jakiteko, eta batzuetan definizioa ere agertzen da.

Eguneroko lanean nik neuk sorturiko datu-base terminologikoak erabiltzen ditut, iturri ofizial zein bestelakoetatik hartutako terminoz osatuak. Lantzen ditudan hizkuntza-konbinazio eta espezialitate bakoitzerako bat daukat eta erabiltzen hasi nintzenetik ezinbesteko baliabideak direla iruditzen zait. Gehien baliatzen dudana ingurumenaren eremukoa da, gaztelaniatik euskarara itzultzeko, eta horregatik ez da harritzekoa urte eta erdian jada 1000 termino baino gehiago edukitzea.

Datu-base terminologikoak kudeatzeko erabiltzen dudan programaren pantaila-argazkia. Ingurumenaren arloko testuak gaztelaniatik euskarara itzultzeko sortu dudan datu-basea dago zabalik. Ezkerraldean zutabe luze bat dago eta gaztelaniazko terminoen zerrenda agertzen da, alfabetikoki ordenatuta. «cogeneración» terminoa hautatuta dago, eta pantailaren erdialdean handiago ikusten da, euskarazko itzulpenarekin batera: «kogenerazio». Iturria ere agertzen da: «Euskalterm».

Zertarako balio dute datu-base terminologikoek?

Hauek dira itzultzeko ikusten ditudan abantaila nagusiak:

  • Denbora aurrezten laguntzen dute. Demagun «evaluación ambiental estratégica» euskaratu behar dudala. Datu-baseak terminoa ezagutzen du eta «ingurumen-ebaluazio estrategiko» ordaina eskaintzen dit. Horri esker, batetik, ez dut terminoa nola itzuli erabaki behar… eta, bestetik, itzulpen osoa idatzi ere ez dut egin behar! «Ing» idatzita datu-baseak terminoa iradokitzen didanez, enter tekla sakatu eta berehala osorik idatzita agertzen zait. Beraz, itzelezko denbora aurrezten da, ez dagoelako zertan letraz letra tekleatu.
  • Koherentziari eusten laguntzen dute. Batzuetan, kontzeptu bat izendatzeko modu bat baino gehiago daude eta denak dira zuzenak (adibidez, «hots-kutsadura» eta «kutsadura akustiko»). Hala ere, testu gehienetan komeni da beti berbera erabiltzea nahasmendurik ez sortzeko. Datu-base terminologikoan nahiago dudan terminoa sartuta, hori baino ez dit iradokiko eta, hortaz, ez dut ahaleginik egin beharko zein aukeratu dudan gogoratzeko.
  • Bezeroaren hobespenetara egokitu daitezke. Bezero batzuek glosario propioa daukate eta itzulpenetan bertako terminoak erabiltzeko eskatzen didate. Hori egiteko modurik errazena da bezeroaren glosarioan oinarritutako datu-basea sortzea, horrela beti izango ditudalako aurrean berak erabiltzea nahi dituen hitzak.
  • Itzuli ahala termino berriak gehitu daitezke. Lantzen ari naizen testuan termino berri bat agertzen bazait, nola eman erabakitzen dudanean datu-basean sar dezaket. Horrela, hurrengo proiektuetarako lan hori aurreratuta izango dut!
  • Beste arazo batzuk konpontzeko aukera ematen dute. Terminologia jada ebatzita izanda, beste kontu batzuei eman diezaieket arreta: sintaxia, estiloa, jatorrizkoak izan ditzakeen arazoak… Jakina, horrelakoak datu-base terminologikorik gabe ere zaindu behar dira itzulpena kalitate onekoa izateko, baina datu-basea erabilita denbora (eta espazio mental!) gehiago geratzen zait testuaren alderdi horiek txukuntzeko ahalik eta emaitzarik onena lortu arte.

Nola osatu ingurumenaren arloko datu-base terminologiko bat?

Ingurumenaren arloko testuek hainbat espezialitateko terminologia jaso ohi dute: biologia, geografia, teknologia, hirigintza, administrazioa… Hona hemen gaztelaniatik euskarara itzultzeko nire datu-baserako erabili ditudan iturri nagusiak:

  • Euskalterm. Hau da beti nire lehen aukera, Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak normalizatutako edo gomendatutako terminoak jasotzen dituelako. Bilaketa orokorra egiteaz gain, arlo jakinetara mugatzeko aukera ematen du: ingurumena, biologia, geologia… Gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez, ingelesez, latinez eta alemanez egin daiteke bilaketa (latina oso erabilgarria da animalien edo landareen euskarazko izena izen zientifikotik abiatuta aurkitzeko!).
  • Euskaltzaindiaren Onomastika atala. Web-orri honetan mundu guztiko lekuen euskarazko izen ofizialak (Euskaltzaindiak onartuak) biltzen dira: herrialdeak, hiriak, itsasoak, mendiak… Bilaketarako, gaztelaniazko, frantsesezko zein bertako izena erabil daiteke, eta batzuetan jentilizioa ere ematen dute.
  • EIMAren izen-zerrendak. Toponimoren bat Euskaltzaindiaren Onomastikan ez badago, ziurrenik baliabide honetan egongo da. Glosario moduan antolatuta dago eta euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko izenak jasotzen ditu.
  • Euskaltzaindiaren 172. araua. Izenburuak dioen bezala, itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia jasotzen ditu (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez).
  • SEO Birdlife elkartearen hegaztien gida. Hegazti baten euskarazko izena Euskaltermen ez badago, zalantzarik gabe hemen egongo da! Webgunea gaztelaniaz bakarrik dago, baina hegazti bakoitzaren fitxan, izen zientifikoaz gain, galegozko, katalanezko, euskarazko eta ingelesezko izenak agertzen dira.
  • Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Hiztegi elebakarra denez, ez du balio gaztelaniazko hitzen euskarazko ordainak zuzenean bilatzeko, baina oso erabilgarria da termino baterako bururatu zaidan itzulpena egokia den egiaztatzeko.

Datu-base terminologikoei buruz edo lan egiten dudan moduari buruz gehiago jakin nahi duzu? Ingurumenaren arloko testuren bat itzultzea behar duzu? Jarri harremanetan nirekin eta esan zertan lagundu diezazukedan!


Utzi erantzuna

Avatar placeholder

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Información sobre protección de datos

  • Responsable: Itziar Santín (traductora)
  • Finalidad: publicación de comentarios dentro del blog
  • Derechos: puedes ejercer tus derechos de acceso, rectificación, supresión, limitación del tratamiento, portabilidad de datos u oposición ante info@itziarsantin.com

  He leido y acepto el aviso legal y la información básica de protección de datos y política de privacidad