Familia eta giza garapena, María José Rodrigo eta Jesús Palacios

Psikologo Euskaldunen III. Topaketan, psikologiaren arloko hainbat adituk euskarazko ikasmaterialak eta baliabideak aurkitzeko zailtasuna aipatu zuten, baita terminologia bateratua sortzeko beharra ere. Hori dela-eta, psikologiari buruzko euskarazko liburuak irakurtzea erabaki nuen, gaiari buruz gehiago ikasteaz gain, profesionalek eskura duten materiala aztertzeko.
Horietako bat Familia eta giza garapena izan da. María José Rodrigok eta Jesús Palaciosek koordinatutako argitalpena da, IVAP/HAEE taldeak itzulia (Fernando Olabarrietak koordinatu zuen euskarazko bertsioa eta hari zor diot paperezko alea; beraz, eskerrik asko, Fernando!). Aspaldi irakurri nuen arren, konturatu naiz oraindik ez dudala hemen iruzkindu eta uste dut merezi duela hitz batzuk esatea.
Liburu honetan, familiaren alderdi ugari aztertzen dira: eguneroko bizimodua, atxikimendu-loturak, haurren hezkuntza, eskolarekiko harremanak, adopzioa, dibortzioa, tratu txarrak, drogak, behar bereziak… Halaber, alderdi bakoitzak familia-multzoan eta familiako kide bakoitzarengan duen eraginaren berri ematen da eta orientatzeko eta familian esku hartzeko iradokizunak ematen dira.
Oso liburu sakona da eta guztiz erabilgarria iruditu zait familia-psikologia ulertzeko. Dena den, atal batzuetan aipatzen diren azterketa asko zaharkituta geratu dira, 90eko hamarkadakoak edo lehenagokoak baitira, eta kontuan hartu behar da liburua argitaratu zenetik (2001etik) familia-kontzeptua aldatu egin dela. Euskarari dagokionez ere, orduan finkatuta ez zeuden termino batzuk orain badaude normalizatuta. Beraz, ikasteko baliagarria izan daitekeen arren, komeni litzateke horren moduko liburu berri bat egitea, eguneratutako datuekin eta gaurko terminologia estandarra erabiliz.