Psikologo Euskaldunen III. Topaketa

Joan den larunbatean, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Psikologo Euskaldunen III. Topaketa izan zen, Eibarren. Horren berri izan nuenean, berehala eman nuen izena, pentsatu nuelako aukera bikaina izango zela Euskal Herriko psikologoen eguneroko lana ezagutzeko eta nire bezeroen hizkuntza-beharrak hobeto ulertzeko. Eta hala izan zen! Tamalez, hizlari bakoitzari eskainitako denbora oso laburra izan zen, baina gai ugari jorratu zirenez oso jardunaldi kitzikagarriak izan ziren.Eibarko Markeskoa Jauregia

Euskara eta psikologoen lana

Sarrera-hitzaldian, Xabier Isasi Balanzategik topaketak ardatza zuen irizpidea aipatu zuen: pazientearen ongizatea bilatu behar dela beti. Hortaz, hizkuntza psikologoen lan-tresna denez, euskararen normalizazioa ezinbestekoa da pazientearentzako arreta egokia bermatzeko. Horretarako dauden gabeziak aztertu behar dira (adibidez, pazienteak ebaluatzeko testen % 3 bakarrik daude euskaratuta) eta oso lagungarria litzateke baliabideak garatzeko psikologo euskaldunen sare bat sortzea.

Jarraian, Alaitz Etxaniz Aranzetak familia, eskola eta komunitatearen arteko baterako hezkuntza sustatzeko esku-hartze programa bat aurkeztu zigun: «Polo Untxia». Pourtois, Desmet eta Lahaye-ren «Polo le Lapin» programan oinarrituta dago eta azpimarratzekoa da hori hona ekartzeko ez zela hitzez-hitzezko itzulpenik egin, gure testuingurua moldatu behar izan baitzen. Ekimena oso erabilgarria izan da gurasoek eskolan egiten den lan hezitzailearen berri izateko eta eskolak familiaren kultura ezagutzeko.

Luixa Reizabal Arruabarrenak, albistegi batean oinarrituta, sarritan nabarmendu gabe gertatzen diren euskararen erabilera sexistaren adibide batzuk erakutsi, eta horrelakoak ekiditeko gomendioak eman zizkigun. Besteak beste, maskulino generikoa, tratu-asimetria, tokaren erabilera eta jauzi semantikoak aipatu zituen.

Gero, Eneko Sansinenea Mendezek eta Iñaki Garcia Fernandezek euskal presoen adineko gurasoen osasun mentalari buruz egindako azterketa baten emaitzak aurkeztu zizkiguten. Egiaztatu zutenenez, seme-alabak urrun espetxeratuta izateak badauka eragina gurasoengan, osasun mental positibo txarragoa eta psikopatologia-maila altuagoa izaten dutelako. Bestalde, kartzelarainoko distantziaren eragina zehazteko zailtasunak izan zituzten, laginen arteko desorekaren ondorioz, baina emaitzen arabera distantziak ez du espero bezain eragin esanguratsurik, ziurrenik erresilientzia-efektua dela eta.

Ebaluazio-tresnak, familia eta nerabeak

Atsedenaren ostean, Jaione Onaindia Rodriguezek ebaluazio-tresnak euskarara egokitzeko prozesua azaldu zigun: bi pertsona elebidun independentek gaztelaniatik euskararako itzulpen bana egiten dute; gero, biak erkatzen dira ahalik eta bertsio onena lortzeko; eta, ondoren, beste bi elebidun independentek atzera-itzulpen bana egiten dute gaztelaniara, prozesuan ñabarduraren bat galdu edo gehitu den ikusteko. Galdetegiak praktikan probatzean, ama-hizkuntza hartu behar da laginak aukeratzeko irizpidetzat eta, nahiz eta euskara batura itzuli, ahalik eta euskalki gehien izan behar dira kontuan, egoera soziolinguistiko guztietako jendearengana heltzeko.

Ondoren, Eneko Mendiluze Plazak familia-terapiari buruzko zertzelada batzuk eman zizkigun, Mikel Laboaren Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak​ kanta bat oinarri hartuta. Oso abiapuntu interesgarria iruditu zitzaidan eta gai asko ukitu zituen (bizi-ziklo indibiduala eta bizi-ziklo familiala, familia-mitoak, familia-estruktura, komunikazioaren axiomak, gurasotasuna eta bikotetasuna, sintomaren funtzioa…), baina, zoritxarrez, ez zen sakontzeko denbora nahikorik egon.

Daniel Marañon Balbuena, berriz, seme-alaben gurasoenganako abusuaz (SAGA) aritu zen. Aipatu zuenez, horren inguruko ikerketa anitz egin dira eta datu ugari daude eskura, baina ondorioak aterako badira antolatu egin behar da. Edonola ere, argi dago SAGA sintoma gisa ulertu behar dela eta kasuz kasu aztertu, ez dagoelako profil bakarra, ezta arrazoi bakarra ere. Familia guztiaren denez, nerabea bera ez ezik familiaren funtzionamendua ere hartu behar da aintzat.

Psikologo euskaldunen sarea

Hurrengo jarduera psikologo euskaldunen sarea sortzeko bilera izan zen. Hiru taldetan banatu ginen, arlo bakoitzean (psikoterapian, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan) psikologo euskaldunek hizkuntzaren aldetik ikusten zituzten zailtasunez eta abantailez aritzeko. Ni lehen taldean sartu nintzen eta oso eztabaida interesgarria sortu zen. Zailtasunen artean eremu akademikoaren eta profesionalaren arteko bereizketa aipatu zuten: psikologia ikasteko euskarazko testuak oso korapilatsuak izaten dira eta horietan erabiltzen diren hitzak ez dira eguneroko praktikan baliatzen. Euskara erabiltzeak dakarren abantaila nagusia, aldiz, pazientearen ongizatea bide da, hizkuntzaren gertutasunak lotura terapeutikoa lortzen laguntzen duelako. Horren harira, garrantzitsua iruditzen zaie euskara batuaren ordez euskalkiak erabiltzea pazientearen ama-hizkuntzara egokitzeko.

Bileratxoen ostean, talde bakoitzeko koordinatzaileak ateratako ondorio nagusiak laburbildu zituen eta nork bere lan-eremuari buruzko hitzaldia eman zuen. Jon Agirre Zaldunbidek hezkuntza-munduan egin beharrekoak aipatu zituen, adibidez, metodo didaktiko berrien eragina Euskal Herriko testuinguruari begira ikertzea, eskoletako zuzendaritza-taldeetan psikologoak sartzea, prebentziorako ebaluazio psikologikoa eta diagnostikoa egitea, esku-hartze programak ezartzea eta familiekin koordinatzea. Jon Elordui Ortuondok gizarte-zerbitzuez aritu zen eta trebakuntza, liburu eta hiztegi egokituak eta hizkuntza tekniko bateratua behar direla baieztatu zuen, baita euskara erabiltzeko jardunbidea egokiak ere. Maritxu Jimenez Carnicerokek, aldiz, psikologia klinikoaren arloan euskara ama-hizkuntza dutenei arreta ematen izan dituen esperientziez hitz egin zuen.

Bukatzeko, Iker Atxa Zaitegik Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean euskararen erabilera sustatzeko planaren berri eman zigun eta hark ere sareko lana bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuen.


Utzi erantzuna

Avatar placeholder

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Información sobre protección de datos

  • Responsable: Itziar Santín (traductora)
  • Finalidad: publicación de comentarios dentro del blog
  • Derechos: puedes ejercer tus derechos de acceso, rectificación, supresión, limitación del tratamiento, portabilidad de datos u oposición ante info@itziarsantin.com

  He leido y acepto el aviso legal y la información básica de protección de datos y política de privacidad